Sistema neuromuskulueskeletikoko gaixotasunei aurre egiteko teknologiak

Data 07-04-2022 Tekniker

Iberus sareak, CDTIk sustatzen duen Cervera bikaintasun-sareak, nazio-mailako erreferentea eta transferentzia-nukleoa izan nahi du gaixotasun neurodegeneratiboen eremuan, berrikuntzari eta transformazio digitalari dagokienez. Teknikerrek bikaintasun-sare horretan parte hartzen du, bioelektronikan oinarritutako teknologiaren bidez.

.

Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) sustatzen duen Iberus bikaintasun-sarea sistema neuromuskulueskeletikoari eragiten dioten gaixotasunei aurre egiteko teknologiak sustatzeko sarea da, Espainiako biztanleen % 2 inguruk gaixotasun mota horietakoren bat baitauka.

Zehazki, egitasmo horren bidez, jauzi teknologiko bat eman nahi da praktika klinikoan, teknologia berriak integratuz eta erakutsiz eta ezagutza horiek osasun-arloko enpresei eta erakundeei transferituz, pertsonen bizi-kalitatean inpaktu handiagoa izateko.

Hala, arreta klinikoa eta zainketa integrala hobetzeko behar diren tresnak eta ezagutza emateko egiten du lan sare horrek, eta, horri begira, ingurune klinikoetan eta ospitaletik kanpoko inguruneetan sistema neuromuskulueskeletikoko gaixotasun degeneratiboak diagnostikatzeko, errehabilitatzeko, tratatzeko eta zaintzeko produktu eta zerbitzu berriak garatzen ditu.

Sarearen esparruan proposatzen diren soluzio batzuk adimen artifizialean oinarritutako soluzio digitalak dira, eta ospitaletik kanpoko inguruneetara (etxe-inguruneetara) zuzenduta daude. Bada, inoiz ez bezalako informazioa ematen dute, prebentzioari, diagnostiko goiztiarrari eta pazienteen tratamendu pertsonalizatuari eta urrutiko monitorizazioari buruz.

Teknikerrek ere ekarpena egiten dio Iberus sareari, medikuntzan erabiltzeko hardware-, software- eta konektagarritasun-arkitekturak garatuz. Arkitektura horiekin, wearable eta IoT medikoen soluzio espezifikoak sor daitezke, homologazioan inbertsioa murrizteko, proba klinikoen etapa goiztiarrenetarako egokiak baitira. Horretarako, hainbat teknologia integratzen dira; besteak beste, elektronika malgua, On the Edge adimen artifiziala eta konektagarritasun zibersegurua.

Iberus egitasmoa ikerketa teknologikoko lau zentrotan egituratzen da, eta guzti-guztiek daukate espezializazio- eta bikaintasun-maila altua osasunaren sektorean. Honako hauek dira zentrook: Valentziako Biomekanika Institutua (IBV), Informazioaren eta Komunikazioaren Zentro Teknologikoa fundazioa (CTIC), Gaztela eta Leongo Institutu Teknologikoa (ITCL) eta Tekniker.