Smart Factoryetarako trantsizioa bizkortzeko gune teknologiko berri bat Euskadin

Data 04-12-2024 Tekniker

SCHUNK enpresa alemaniarrak eta Tekniker zentro teknologikoak CoLab lankidetza-ingurunea inauguratu dute Eibarren

Fabrikazio-ingurune adimendunetarako trantsizioak bultzada berri bat hartuko du Euskadin, atzo Eibarren (Gipuzkoa) inauguratu zen espazio teknologiko berriari esker, SCHUNK enpresa alemaniarrak (heltze eta euste sistemetan espezializatua) eta Tekniker zentro teknologikoak (Basque Research and Technology Alliance [BRTA] aliantzako kidea) sinatutako lankidetza-akordioaren esparruan.

Bi eragileek "CoLab - Aplikazio robotikoen zentroa" aurkeztu zieten lurraldeko erakunde eta enpresei, automatizazio industrialaren esparruan soluzio integral eta eskalagarri berriak probatzera zuzendutako lankidetza-ingurune bat, zentro teknologikoaren egoitzan egongo dena.

Teknikerreko robotika-laborategian dago CoLab, eta marka nagusietako zortzi robotek eta SCHUNKek lagatako hainbat elementuk osatutako eremu bat eskainiko dio enpresa-sareari, probak egiteko (erreminta automatizatuen aldaketak, pieza metalikoen akaberak edo piezen hautaketa eta bilketa).

"Enpresek beren probak egin, eskura dituzten ekipamenduekin balidatu eta prozesu industrialen automatizazioa nola gauzatu erabakitzeko espazio bat eskaintzen dugu", nabarmendu du Luis Uriarte Teknikerreko zuzendari nagusiak.

Akordioaren barruan, instalazioez gain, Teknikerrek ezagutza eta esperientzia zabala eskainiko du robot-teknologiak industria-inguruneetan integratzen; SCHUNKek, berriz, etengabeko presentzia izango du giza baliabideekin eta baliabide materialekin, hala nola, amarratze-sistemekin, erreminta-aldagailuekin, indar-sentsoreekin edo picking soluzioekin.

Inaugurazio-ekitaldian honako hauek izan ziren: Marc Murtra, SCHUNKeko Gripping and Automation Technology zuzendaria; CoLab martxan jartzeko unitateak laga dituzten fabrikatzaile robotikoak; eta Walther von Plettenberg, Alemaniako Merkataritza Ganberako Espainiarako zuzendari kudeatzailea; Jon Gurrutxaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendari nagusia; Cristina Oyón, SPRIko (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila) Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendaria; eta Michael John Voss, Alemaniako ohorezko kontsula.

PDF deskarga