‘Smart Cities’ eta mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekua
Proiektu pilotu batek mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako aparkalekuen kudeaketa optimizatzen duen sistema interkonektatu bat jarri du martxan 2015eko irailean, Donostian.
Ibilgailua aparkatzeko leku libre baten bila ibiltzea gogaikarria da, eta mugikortasun urriko pertsonentzat ia ezinezkoa, helburutik gertuko toki bat behar baitute. Orain arte proposatutako ekimenak —mugikortasun urriko pertsonentzako aparkaleku-txartelak, adibidez— ez dira irtenbide eraginkorrak izan, aparkaleku-eskasiagatik, ereduaren harmonizazio faltagatik eta, batzuetan, gizatasun faltagatik.
Hori dela eta, Donostiako Dinycon enpresak eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak mugikortasun-zailtasunak dituzten pertsonentzako aparkalekuak kudeatzeko zerbitzu berritzaile bat diseinatu dute. Gauzen Interneten (IoT) azken aurrerapen teknologikoetan oinarritzen da, eta "Smart Cities" edo hiri adimendunetan integratuta dago.
Zerbitzua, DinyPARK-PMR izenekoa, Donostian jarri zen martxan irailean proiektu pilotu gisa, eta 2016ko ekainera arte egongo da martxan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Departamentuak soluzio adimendunak aplikatzeko sustatzen duen Smart Lab Gipuzkoa ekimen-sortaren parte da proiektua, eta Donostiako Udalaren babesa du. Udal horrek eman ditu aparkalekuak eta sistema gainbegiratzeko giza baliabideak (mugikortasun-agenteak).
Elkarri konektatuta dauden sentsoreen eta gailuen zirkuitu bat da, eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako aparkalekuak kudeatzeko balio du.
Proiektu-arduradunek sentsore magnetiko bat instalatu dute aparkaleku bakoitzean, eta hark aparkalekua libre edo hartuta dagoen detektatzen du. Ekimenean parte hartzen duten ibilgailuek TAG gailu elektroniko bat dute, eta haren bidez erabiltzailea eta autoa identifikatzen dira. Hirugarren elementu batek kontrolatzen ditu bi gailu horiek. Hirugarren elementu hori aparkalekuen gunean dago, eta zerbitzuaren hodeiko zerbitzariarekin komunikatuta dago GPRS/3G konexio baten bidez.
Sistemaren pieza guztiak elkarrekin interakzioan daudenez, zerbitzariak denbora errealean daki zein den aparkalekuen egoera, zein erabiltzaile ari diren aparkaleku horiek erabiltzen eta nork aparkatzen duen baimenik ez duen lekuan.
Funtzionamendu-mekanismoa
Erabiltzaileek astebete lehenago ere gorde dezakete aparkalekua, eta, hala, aparkalekua lau orduz bermatua dute, planifikatuak dituzten konpromiso horiek egiteko. Denbora errealean aparkalekurik libre dagoen ere kontsultatu daiteke mugikorraren bidez, aparkalekua une horretan bertan nahi dutenen kasuan.
Prozesu hori errazteko, zerbitzuak mugikorreko aplikazioaren bidez erakusten du zer aparkaleku dauden libre, eta aukera ematen du une horretan bertan gordetzeko. Behin berretsitakoan, 15 minutu izango ditu erabiltzaileak aparkaleku hori hartzeko.
Zerbitzu honetan, erabiltzaileak autoan daraman TAG gailua giltzarrietako bat da, hark ahots-mezu baten eta adierazle argidun batez bidez adierazten baitu aparkaleku horretan aparkatzeko baimena duen ala ez eta zenbat denbora utz dezakeen ibilgailua.
Komunikazio-plataforma eta sentsore magnetikoak
IK4-TEKNIKERek mikromekanikaz, metrologiaz eta elektronikaz duen ezagutza baliatu du aparkalekuen guneetan erabiltzen diren softwarea eta hardwarea garatzeko. Horrez gainera, aparkalekuen guneen eta DinyPARK-PMR zerbitzuaren zerbitzari nagusiaren arteko komunikazioen plataforma egin du.
“Proiektu honek argi erakusten du azken aurrerapen teknologikoak egunero erabiltzen diren gailuetan txerta daitezkeela pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko”, adierazi du proiektuaren IK4-TEKNIKEReko koordinatzaile Eugenio Cartagenak.