Tabakalera eta Tekniker elkarlanean ariko dira artea, zientzia eta teknologia uztartze dituzten proiektuak sustazeko
Bi erakundeak dagoeneko elkarrekin ari dira gizakien eta roboten arteko elkarrekintza emozionala esploratzeko ekimen bat garatzen
Tekniker eta Tabakalera -Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak- erakundeen arteko lankidetza- hitzarmen bat sinatu dute gaur. Elkarlan horren helburua sorkuntzan oinarritutako proiektuak garatzeko, ezagutza berriak sortzen eta gizarteratzen laguntzeko, sortzaileek zientzian eta industrian duten ahalmen berritzailea bultzatzeko eta sormen-sektorea profesionalizatzeko aukera berriak lortzea da.
Bi erakundeak dagoeneko elkarrekin ari dira gizakien eta roboten arteko elkarrekintza emozionala esploratzeko ekimen bat garatzen, enpresetako elkarlaneko robotikan eragin eta Euskadin egindako ikerketa-lana gizarteratzeko. Dream painter (Amets-margogailua) izeneko egitasmoa Medialab eta Teknikerren berrikuntza eta robotika lan-arloaren arteko elkarlanari esker gauzatzen ari da, Varvara & Mar artista bikotearen parte-hartzearekin.
2020ko uztailean Medialab, sorkuntzako liburutegi-laborategia abian jarri zenean, Tabakalerak lan-ildo berri bati ekin zion: sorkuntzan oinarritutako eta gizartearentzat garrantzisuak diren proiektuak hainbat sektoretako eragileen lankidetzarekin garatzea. Lan-ildo hori arte-sorkuntzan oinarritzen da, ikerketa-baliabide gisa ulertuta, ezagutza berria sortzeko, errealitatearen beste irakurketa batzuk egiteko eta etorkizuneko beste agertoki batzuk planteatzeko duen gaitasunagatik.
Lehen proiektuak eta Dream painter
2020ko udan gorpuztu zen eremu honetan Tabakaleraren lehen esperientzia Supraspectives ikus-entzunezko instalazioa, Donostia International Physics Centerrekin eta Ars Elektronika kultura-, hezkuntza- eta zientzia-institutuarekin elkarlanean. Instalazio artistiko handinahi eta erakargarria sortu zen, etengabe gure gainean hegan egiten duten sateliteek lortutako informazioan oinarrituta. Piezak agerian uzten zuen kanpoko espaziotik ikusitako lurraren edertasun iradokitzailearen eta askotan helburu militar eta zaintzarako helburuekin egiten den giza kolonizazioaren kontzientzia kritikoaren arteko kontrastea.
Teknikerrekin, Euskadiko ikerketa teknologikoko zentro nagusienetariko batekin, elkarlanean jardunda, Tabakalerak beste urrats bat eman nahi du ildo horretan, eta sortzaileek enpresetan eta ikerketa-zentroetan eragin berritzaile handiagoa izan dezaten bultzatu nahi du, bai eta sektore sortzaile, zientifiko, teknologiko eta industrialen artean lankidetza-espazio egonkorrak sortu ere.
Horretarako, Tabakalera, Tekniker eta Mar & Varvara artista bikotearen arteko lan-prozesu bat aktibatu da, sormen artistikotik pertsonen eta roboten arteko konfiantza-harremanak, gizakiaren eta robotaren arteko hizkuntza naturalaren komunikazioa (ez-konputazionala), roboten arteko komunikazioa eta sormena bezalako gaiak jorratzeko.
Gaur egun diseinu fasean dagoen instalazio bat da proposatzen dena: robot sozial bat, bisitariek beren ametsak kontatuko dizkiotena eta, ondoren, bisitarien ametsen interpretazioetan oinarritutako mural bat "margotzen" duena. Une honetan, lantaldea erabiliko dituen teknologia definitzen ari da. Emaitza udazkenean aurkeztea aurreikusten da, Eginzaleak! Tabakalerak teknologia hiritarraren inguruan egiten buruz egingo dituen topaketetan.
Artea, zientzia eta teknologia uztartzen dituzten proiektuek nolabaiteko ibilbidea dute jadanik Europa erdialdeko herrialdeetan, hala nola Herbehereetan, Suitzan, Alemanian edo Austrian, baina ez Euskadin. Lan-ildo hori bultzatuz, Tabakalerak dagoeneko baditu lankidetza-hitzarmenak esparru horretako erreferentziazko zentroekin, V2 edo Ars Electrónica zentroekin esaterako, eta laborategi eta bitartekari bihurtu nahi du, elkarlanean aritzen den erakundeetan berrikuntza-inpaktua lortzeko eta artistei lan-modu berriak eskaintzeko. Gainera, landu beharreko gaiek gaur egun duten garrantzia eta Medialab-en izaera publikoa kontuan hartuta, gai horiek gizarteratzeko aukera ere badago.
Herritarrei irekitako tailerrak eta hitzaldiak eskainiko dira Medialaben lan-prozesu osoan zehar teknologiekin eta proiektuak lantzen dituen beste gai batzuekin lotutako gaiak lantzeko eta proiektuak jorratzen dituen funtsezko alderdiak gizarteratzen laguntzeko.