Tapia sailburuak ireki du Lubmat 2016 nazioarteko biltzarra
Hitzordua gaur eta bihar izango da Euskalduna Jauregian, eta IK4-TEKNIKERek eta Jost Institute britainiarrak antolatu dute. Lubmat 2016 biltzarrak lubrikazio industrialean, tribologian eta mantentze-lan aurreratuan dabiltzan mundu osoko 300 profesional baino gehiago elkartuko ditu.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak gaur goizean ireki du Bilbon Lubmat 2016 nazioarteko biltzarraren bosgarren edizioa. Europako topaketa nabarmenetakoa da lubrikazio industrialari, tribologiari, mantentze-lan aurreratuari eta produkzio-ekipoen fidagarritasunari dagokienean.
IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak eta Lancashireko Jost Institute for Tribotechnology Unibertsitate institutu britainiarrak antolatu dute biltzarra, eta gaur eta bihar egingo da, hiriburu bizkaitarreko Euskalduna Jauregian.
Lubrikazio industrialaren eta ekipoen mantentze-lanen teknika aurreratuen kudeaketa ezinbesteko osagaia da makineriaren funtzionamendu ona bermatzeko eta horien bizitza baliagarria luzatzeko. Beraz, diziplina hori funtsezkoa da egungo industriarako.
Prozesu industrialetatik eratorritako datuak hartzea eta horiek aztertzea da Industry 4.0 garatzeko mugarrietako bat. Fabrikazio industrialeko eszenatoki berria da Industry 4.0, eta informazioaren teknologia aurreratuak eta ekoizpen ingurunetako komunikazioa erabiltzean dago oinarrituta.
Nazioarteko 100 hizlari
Testuinguru horretan, industriako mantentze-lanen, tribologiaren eta lubrikatzaile industrialaren arloko aditu nabarmenenak biltzeko xedea dauka Lubmat 2016 biltzarrak, ezagutza trukatzea sustatze aldera eta industriaren lehiakortasuna bermatzeko orduan gakoa den sektorean lankidetza bultzatzeko adituen sarea joste aldera.
Hitzaldi eskaintza zabal batek osatu du edizio honen egitaraua, eta, hitzaldi horietan, nazioarteko ehundaka adituk hartuko dute parte.
Gainera, Lubmat 2016 biltzarraren markoan, lau hitzaldi nagusi egingo dira, eta 300 pertsonatik gora bertaratuko direla aurreikusi da.
Era berean, erakusketa-gunea ere egongo da biltzarrean, eta, bertan, hogeita hamar bat stand egongo dira, mantentze-lanekin eta lubrikazio industrialarekin zerikusia duten azken nobedadeak erakusteko bertan.
IK4-TEKNIKERek ibilbide sendoa dauka egina mantentze-lanen eta lubrikazioaren kudeaketaren eremuan, Lubrication Management markaren pean. Marka horrek biltzen ditu zentro teknologikoak eskaintzen dituen mantentze-lanen zerbitzu sortak, aholkularitza-analisiak eta lubrikazio industrialaren inguruko prestakuntza.