Tekniker Espainiako osasun-sektoreko iraultza robotikoaren buru da
2023tik hona, Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak bultzatutako HispaRob plataformaren robotika mediko eta asistentzialeko I+Gko taldea koordinatzen du.
Teknologia robotikoek aukera berriak zabaltzen ari dituzte hainbat sektoretan, eta osasun-arloa ez dago iraultza horretatik kanpo. Kalitatea, kontrola, elkarrekintza, manipulazioa, nabigazioa, pertzepzioa eta segurtasuna bezalako arloetan ezagutza berria sortzeak ekosistema mediko eta asistentzialari lagundu eta hura bermatu behar du ezinbestean, besteak beste, diagnostikoan, esku-hartzean, errehabilitazioan eta zaintzaile eta pazienteentzako asistentzian, bizitza autonomoa eta independentea lortzeko helburuarekin.
Sektore soziosanitarioan teknologia horien garapenean Espainia lider gisa kokatzeko helburuarekin, Tekniker euskal zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) zentroko kideak, HispaRob teknologia robotikoaren Espainiako plataformako Robotika Mediko eta Asistentzialeko Lantaldea koordinatzen du 2023tik aurrera, Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak bultzatuta.
Taldearen egitekoa pertsonen bizi-kalitatea eta profesional sanitarioen eta zaintzaileen lan-baldintzak hobetzea da, pertsonarengan oinarritutako teknologia robotikoen (human-centered) bidez.
Horretarako, ekosistema horrek unibertsitateek, zentroek, enpresek eta ekosistema soziosanitarioko beste eragile batzuek robotikari, errehabilitazio-, mugimendu-, gizarte- zein zahartze-zientziei, lineako asistentziari eta osasunari buruz duten ezagutza bateratzen du, Espainiako ehunari Europa mailako diziplinarteko I+G ingurune bakarra emanez.
Teknologia robotikoak arlo medikoan eta asistentzialean
Teknikerrek koordinatutako taldearen helburu nagusiak dira Europako robotika-plataforma teknologikoaren eskaerekin (euRobotics) bat egitea eta medikuntza- eta asistentzia-sektorerako teknologia robotikoetan ekosistema espainiarra sortzen laguntzea.
Besteak beste, honako erronka hauek lortu nahi dira: errehabilitazio-prozesuak babestea, autonomia eta independentzia indibiduala areagotzea osasuna zaintzeko sistemak optimizatuz, hirugarren adineko pertsonen eta nerabeen osasun mentala hobetzea, gaixotasunak diagnostikatzea, kirurgiak optimizatzea, etab.
Zentro teknologikoak, mekatronikan duen gaitasun osoa eta gailu medikoen garapenean duen esperientzia eskaintzeaz gain, ISO 13485ari esker, elkarreragin naturaleko teknologia robotiko berrien eta pertsonaren egoera afektibo-kognitiboaren aldeko apustua egiten du.
"Gure diziplina anitzeko taldeak taldeko kideen artean sinergiak eta lankidetzak sortzen lagun dezake, bai eta I+G+B eta ezagutza enpresa-sare sozio-sanitarioari transferitzea sustatzen duten ikerketa-proiektuak sortzen ere", nabarmendu du Eneko Ugaldek, Teknikerreko Sistema Autonomo Adimendunen zuzendariak.