Teknikerrek bere aurrerapen teknologikoak aurkeztuko ditu MUBIL 2024an, mugikortasun jasangarriko berrikuntzaren erakusleihoan
Zentro teknologikoak parte-hartze nabarmena izango du apirilaren 17an eta 18an Irunen (Gipuzkoa) egingo den nazioarteko azokan.
Tekniker zentro teknologikoa, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) zentroko kidea, MUBIL Mobility Expo 2024 azokaren protagonistetako bat izango da datozen bi egunetan. MUBIL Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren berrikuntzaren erakusleiho nagusia da, eta apirilaren 17an eta 18an egingo da, Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa).
Zehazki, Teknikerrek mugikortasun jasangarriaren eta gidatze autonomoaren esparruan dituen gaitasun teknologikoen hiru erakusle aurkeztuko ditu bere standean, 3. pabiloian (14. zk.), Masermic, Oribay Group eta Integralia partnerrekin partekatuta.
"Gailu elektronikoak garatzetik hasi eta azken belaunaldiko osagai mekanikoak eta motor elektrikoak diseinatzeraino, gure soluzioek ibilgailu elektrikoen eraginkortasuna eta fidagarritasuna maximizatzen dute. Gainera, Adimen Artifizialeko algoritmo aurreratuak integratzeko gai gara, karga-estazioak eta horien kudeaketa energetikoa optimizatzeko", nabarmendu du Jose Miguel Landetak, Teknikerreko Teknologia Transferentziako zuzendariak.
Zentro teknologikoaren know how-ak hirietan aparkalekuak eta ibilgailu-flotak kudeatzeko teknologiak ere hartzen ditu barne, Smart Cities delakoetarako trantsizioan. Horren guztiaren lagin bat ikusi ahal izango da MUBIL 2024an.
In Wheel osagarriak
Alde batetik, Teknikerrek ad hoc erredukzio-kutxa bat aurkeztuko du MUBILen, ibilgailu elektrikoentzat eta gidatze automatikoentzat, adibidez, nekazaritzan erabiltzen direnak eta in wheel kontzeptua erabiltzen dutenak; hau da, motor elektrikoan gurpilaren ardatza txertatzen dutenak.
"Simulazioko eta modelazioko KissSoft eta KissSys tresna digital aurreratuen bidez dimentsionatu dugu haren funtzionamendua, ondoren, osagai guztien erreduktorea eta bizi-zikloa baliozkotu ditugu entsegu-banku propio batean", azaldu du Jose Miguel Landetak.
Bestalde, zentro teknologikoak ADAS (Advanced Driver Assistance Systems) plataforma erakutsiko du, automobilei gidatzeko ingurunea detektatzeko eta interpretatzeko gaitasuna emateko soluzioa, hura osatzen duten elementuak identifikatuz.
Zehazki, MUBILen sistema horren erakusle bat ikusi ahal izango da, bidean dauden objektuak (automobilak, oinezkoak, txirrindulariak, motor-gidariak, trafiko-seinaleak eta semaforoak) sailkatzeko eta jasotako informazioa gidatzeko garaian segurtasuna hobetu eta bermatuko duten alarmak aktibatzeko erabiltzeko gai dena.
"Zehaztutako autonomia-mailaren arabera, ADAS sistemek gidariari alarma-egoera horien berri eman diezaiokete, edo autoko aginteetan eraginkortasunez jardun dezakete, aldez aurretik erantzuteko eta arrisku-egoera bat saihesteko", gehitu du Landetak.
Azkenik, Teknikerrek nazioarteko azokan kontrol-elektronika erakutsiko du potentzia-bihurgailu berri eraginkorrago batentzat, pisu eta bolumen txikiagoarekin gurpiletako trakzioa osatzen duten ibilgailu elektriko hibridoentzat.
"ECU (Electronic Control Unit) bat da, motor elektrikoen familia oso espezifiko baterako diseinatutako bihurgailu baterako, 7.5 kilowatt artekoa, 330 volteko bateriak dituzten automobilgintzako aplikazioetara bideratuta dagoena", zehaztu du Teknologia Transferentziako zuzendariak.