Teknikerrek elektromugikortasunaren arloko bere berrikuntzak erakutsiko ditu Go Mobility azokan
Zentro teknologikoak bere potentzia-elektronikako ekipamendu eta motor elektriko berriak aurkeztuko ditu bi erakusgarri berritzaileren bitartez
Hiriguneetako bizi-kalitaterako eta osasunerako arazo nagusi bihurtu dira kutsadura eta trafiko-pilaketa. Horregatik planteatzen da ibilgailuen elektrifikazio jarraitua kezka horrentzako aukera eraginkor gisara.
Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den Teknikerrek elektromugikortasunaren arloan dituen azken berrikuntzak plazaratuko ditu martxoaren 11n eta 12an, Go Mobility azokan. Ekitaldia erreferentziako topagunea da mugikortasun iraunkorraren eta energiaren biltegiratzearen arloetako Europako hegoaldeko profesionalentzat.
Zentro teknologikoak 3. pabiloiko 3-04 gunean izango du standa, eta bertan erakutsiko du potentzia-elektronikan eta motor elektrikoetan duen ahalmena. Zehazki, bi erakusgarri izango ditu ikusgai, azken urteotan egindako aurrerapenak erakusteko. Zentzu horretan, Teknikerrek ibilgailuen sektorea eraldatzera bideratu du bere espezializazioaren eta garapen teknologikoaren zati bat, ibilgailu elektrikoak sustatu baititu.
Gainera, Ficoba aretoan (Irun) egingo den ekitaldiaren bigarren edizioak aukera emango du mugikortasun berriaren arloko zenbait parte-hartzailerekin harremana estutzeko, alegia, aukera jasangarri, irisgarri, seguru eta konektatuagoak sortu nahi dituztenekin.
Neurrirako potentzia-elektronika
Alde batetik, Teknikerrek silizio-karburozko (SiC) erdieroaleak dauzkan lau fasedun inbertsore bat aurkeztuko du, ibilgailu elektrikoen erreluktantzia kommutatudun motorrak kontrolatzeko balio duena. Ekimen horrekin, neurrirako potentzia-elektronikako ekipoak garatzeko duen gaitasuna erakutsi nahi izan zuen.
Erdieroale horien ezaugarriei esker, galerak murriztu, kommutazio-maiztasuna areagotu eta korronte-harmonikoak gutxitu daitezke. Hori dela-eta, sistemaren eraginkortasuna handitu daiteke, eta bai bolumena bai pisua gutxitu.
Bada, erdieroale hauek mugikortasunean (trakzioan edo zama-azpiegituran) erabiltzen diren bihurgailuetan ez ezik, energia-sorkuntzan eta -metaketan edo makina elektrikoak kontrolatzea eskatzen duten aplikazioetan ere erabil daitezke.
Motor elektriko eraginkorra
Halaber, ingurumenarekin duen konpromisoa dela eta, Teknikerrek erreluktantzia kommutatua eta zeharkako fluxu eraginkor, fidagarri, irmo, merke eta jasangarriagoa dituen motor elektriko baten eredua erakutsiko du, zentroan bertan oso-osorik garatua. Ideia hori Europako Weevil proiektuaren baitan sortu zen, eta hortik jaso du izena prototipoak.
Kasu honetan, sistema automobilgintzarako eta trenbideen sektorerako soilik pentsatu da; diseinu trinkoa dauka, osagai bakarrean biltzen baititu hiru elementu nagusiak: makina elektrikoa, abiadura-erreduktorea eta bihurgailu elektronikoa.
Duen egituraren ondorioz, motorraren pare-dentsitatea areagotzen da, eta, aldi berean, ibilgailuaren transmisioa soiltzen, iman etengaberik erabili beharrik gabe. Halaber, neurri txikia edukita, osagai gutxiago daude, eta, beraz, gutxiago pisatzeaz gain, ibilgailuan toki gehiago dago.
Nazioarteko azoka
Go Mobility azoka nazioarteko ekimena da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du, Eusko Jaurlaritzaren eta Ficobako antolakuntzaren laguntzarekin, fabrikatzaileentzat, industria laguntzailearentzat, hornitzaileentzat eta ikerketa-zentroentzat.
Bigarren edizioan, mugikortasunaren eta biltegiratze energetikoaren arloko azken berrikuntzak erakusteko guneaz gain, hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dira, eta posterrak ikusgai izango dituen gunea ere bai, aurrez aukeratutako hogei bat proiektu europarrekin.