Teknikerrek eraikuntzarako adimen artifizialaren arloko berrikuntza-eredu bat aurkeztu du 2024ko Global Innovation Day-n
Zentro teknologikoak garatutako makineria mugikorrerako segurtasun-sistema adimenduna izan da ekitaldian azaldutako Adimen Artifizialaren aplikazioaren kasu praktikoetako bat. Soluzioa PAVASAL enpresa eraikitzailearentzat diseinatu da, obra-eremuetan istripuak prebenitzeko erronkari aurre egiteko.
Tekniker zentro teknologikoak atzo aurkeztu zuen Bilboko Azkuna Zentroan, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatutako Global Innovation Day topaketaren hamahirugarren edizioan, eraikuntza-sektorerako Adimen Artifizialaren (IA) arloko berrikuntza-eredu bat.
Aitor Gutierrez Basauri, Sistema Autonomo Adimendunen unitateko ikertzailea arduratu zen Teknikerren taldeak garatutako segurtasun-sistema adimendun baten abantailak eta ezaugarriak azaltzeaz. Segurtasun-sistema hori makina mugikorretan integratzeko garatu da obra-eremuetako ezbehar-tasa prebenitzeko helburuarekin.
Soluzioa Valentziako PAVASAL eraikuntza-enpresarentzat diseinatu da. Errepideak, obra hidraulikoak, urbanizazioa eta ingurumena barne hartzen dituzten proiektuen garapenean eta kudeaketan espezializatutako enpresa da eta, ingurumen-teknologien bidez, ingurune horietako langileen presentzia eta mugimendua denbora errealean detektatzeko aukera ematen du, balizko arrisku-egoerei aurrea hartzeko.
Gainera, larritasunaren araberako ohartarazpen-maila desberdinekin hornitutako alerta-sistema mailakatua du, langileei eskumuturrekoen bidez jakinarazten diena. “Hasieran, sistemak arrisku bat detektatzen duenean, ohartarazpen-seinale bat aktibatzen da makinerian. Arriskua handitzen bada, sistemak, alde batetik, soinu-alerta globala igortzen du eta, bestetik, arriskuan dagoen langileak daraman eskumuturrekoaren bidezko alerta pertsonalizatua. Eta kasu kritikoetan makinak automatikoki geldiarazi ditzake istripuak saihesteko", azaldu zuen ikertzaileak.
Istripu-arrisku handia
Eraikuntzan, makina astunak, langileak eta askotariko objektuak elkarren ondoan egoteak kudeatzen oso zailak diren egoerak sortzen ditu. Elementu horien arteko etengabeko elkarrekintzak nabarmen areagotzen ditu arrisku operatiboak eta, ondorioz, probabilitate handia dago laneko istripuak gertatzeko.
Adimen artifizialaren arloko aurrerapen teknologikoak ingurune horietan ezbehar-tasa murrizteko aukera gisa aurkezten dira, bai eta obretan pertsonak eta objektuak detektatzeko sistema tradizionalek eskaintzen dituzten mugen alternatiba gisa ere.
Teknikerrek lehen probak egin ditu aplikazio horretan eta orain bigarren balidazio-fase batean dago. Innobasquek hautatutako sei kasu praktikoetako bat izan zen, Basque Artificial Intelligence Center-en (BAIC) eta Basque Center for Applied Mathematics-en (BCAM) abalarekin eta ikuskapenarekin, 2024ko Global Innovation Day-rako.
Euskal berrikuntzarekin izandako hitzordu handiak teknologia horiek enpresa eta gizarte mailan duten potentzial eraldatzailean jarri zuen arreta, Teknikerrek, Ariadna Gridek, Eroski Taldeak, Aita Menni Ospitaleak, Santa Marina Ospitaleak eta TREBE Language Technologies-ek aurkeztutako ereduekin.