Teknikerrek eta CIC bioGUNEk biomedikuntzaren arloko lankidetza-konpromisoa berritu dute
Tekniker zentro teknologikoak eta CIC bioGUNEk lankidetza-konpromisoa berritu dute, biomedikuntzaren eremuan aplikatzeko teknologia garatzearen aldeko apustua eginez.
Tekniker eta CIC bioGUNE zentroek, biak Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, lankidetzarako esparru-akordioa berritu dute biomedikuntzaren arloko gai espezifikoetan ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak egiteko eta lankidetzan aritzeko.
Akordioa gaur sinatu da Derioko (Bizkaia) CIC bioGUNEren instalazioetan egindako protokolozko ekitaldi batean. Bertan, Teknikerreko zuzendari nagusiak, Luis Uriartek, eta CIC bioGUNEko zuzendari nagusiak, José María Matok, hartu dute parte.
CIC bioGUNE nazioko eta nazioarteko esparru zientifikoan kokatutako funtsezko ikerketa-zentro bat da, eta osasun-zientzien ezagutzan erreferente gisa finkatzen da. Zentro honen jarduera zientifikoa batez ere kimikaren, egiturazko biologiaren, biologia molekularraren eta zelularraren inguruan garatzen da, etorkizunerako medikuntza zehatzagoa garatzeko helburuarekin.
Bestalde, Teknikerrek funtsezko zeregina betetzen du teknologia industria-ingurunera transferitzeko misioan. Zentro teknologikoa aditua da gailu medikoen eta biomedikuntzaren arloko beste elementu batzuen garapenean, eta, beraz, CIC bioGUNE partner bihurtzen da bide horretan.
Bi zentroek sinatu duten hitzarmenarekin, beste urrats bat eman da bi erakundeek 2018tik duten lankidetza-prozesuan.