Teknikerrek eta Erlo Groupek indarrak batu dituzte 4.0 Industrian
Zentro teknologikoa Erlo Groupekin lankidetzan ari da harien kalitatea kudeatzeko eta prozesuen eraginkortasuna hobetzeko soluzioak garatzen. Hala, Teknikerrek erreferentziako enpresekin egiten duen lana sendotu du, eta industria-ehun lehiakorragoa lortzen laguntzen du.
Egun, industriaren bilakaerak ekipamenduak monitorizatzea ahalbidetzen du, Adimen Artifiziala bezalako teknologien bitartez, eta, horrenbestez, denbora errealean jakin dezakegu zein den ekipamenduen egoera eta zer nolako akatsak egon daitezkeen ekoizpenaren momentu jakin batean. Horri esker, enpresetako ekipamenduak fidagarriagoak dira, eta piezen higadura ere neurtu ahal dutenez, erabakiak aldez aurretik har daitezke.
Testuinguru honetan, Erlo Groupek, txirbil-harroketako eta deformazioko soluzioetan espezializatuak, automobilgintza edo aeronautika bezalako sektoreetako bezeroentzat hariaren kalitateari buruzko informazioa lortzea oso garrantzitsua dela identifikatu du. Tekniker, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea, Erlo Groupekin lanean ari da makina konektatu bat garatzeko. Makina horrek Edge Computing bezalako teknologiak integratuko ditu hariari buruzko informazioa biltzeko, eta produktuaren kalitatea kudeatzea du xede.
Zehazki, hari-egiaztagailu bat da, datuak hodeian gordetzen dituena eta denbora errealean monitorizatu ahal dena. Hala, makinak informazio oso baliotsua emango die bezeroei, beren prozesuen eraginkortasuna hobe dezaten. Informazio hori denbora errealean eta hodeian eskuragarri egoteak aukera ematen du harietan kalitate-akatsak garaiz detektatzeko eta prozesuen eraginkortasuna hobetzeko, besteak beste.
Lankidetza honen bidez, Erlo Groupek eta Teknikerrek ibilbide luzeko aliantza estrategiko bat sortu dute, eta hori funtsezkoa da industria-ehunari lehiakortasun handiagoa emateko, enpresa txiki eta ertainek 4.0 Industria delakoari dagokionez har ditzaketen konponbideak emanez.
Zentro teknologikoak 4.0 Industrian eta makina konektatuetan duen know howa erabiltzen du soluzioak eskaintzeko eta ekipamenduak hobetzeko, sentsoreak erosi, prozesatu eta aztertuz. Izan ere, sentsoreek funtzionamenduan dauden anomaliak hautematen, diagnostikoa egiten eta eragin ditzaketen arazoak iragartzen laguntzen dute.
Proposamen teknologikoa da Teknikerren aktibo teknologikoa den Big Data SAM Smart Asset Management plataforma egokitzea, datuak gordetzeko eta ondoren datuok aztertzeko. Plataformaz gain, erregistratutako informazioa konektatu, bildu eta biltegiratu beharko da datalogger baten bidez, Erlo Groupen eskura jartzeko; hala, makinok ekoizpena kontrolatzeko etorkizunean agertzen diren beste sistema batzuetan ere erabili ahal izango dira.
Hariaren kalitatea kudeatzeko ekipamendu berritzailea
Ekoizpen-kateetan akatsak dituzten hariak garaiz detektatzeak aukera emango die Erlo Groupi eta, oro har, enpresei, beren prozesuen produktibitate eta eraginkortasun handiagoa lortzeko. Halaber, proposamen teknologiko honekin, ekoizpen-kateak eraginkorragoak izango dira, kalitatea egiaztatzeko fasea laburragoa izango baita.
Hariei buruzko informazio garrantzitsua hodeian biltegiratzean, gainera, azkar eskura daiteke erabakiak hartzeko lagungarria den informazio garrantzitsu hori. Zentzu horretan, teknologia honek prozesuaren trazabilitateari buruzko informazioa izatea ahalbidetuko die enpresei, eta, istripurik gertatzekotan, segurtasuneko informazio garrantzitsua ere bai. Horrez gain, piezaren batek huts egiten duenean, arazoaren jatorria ezagutu ahal izango dute.
Proiektu honekin, berrikuntza teknologikoa sustatuko da Erlo Groupen produktu eta zerbitzuetan. Gainera, makina honek nabarmen lagun dezake Gipuzkoako taldearen bezero-zorroa dibertsifikatzen eta nazioartekotzen.
Proiektuak Garapen Jasangarrirako bi Helburutan eragiten du: 9. Industria, berrikuntza eta azpiegitura deiturikoan eta 12. Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak deiturikoan. Horrenbestez, garapen jasangarriaren oinarri ekonomiko eta ingurumenekoari laguntzen zaie, eta, ondorioz, baita gizarte osoaren garapenari ere.