Teknikerrek eta MAIERek automobilgintzan berrikuntza bultzatzeko aliantza sendotu dute

Data 20-02-2025 Tekniker

Teknikerrek eta MAIERek lankidetza-konpromisoa berritu dute, automozioaren sektorean aplikatzeko teknologia garatzearen aldeko apustua eginez.

Tekniker zentro teknologikoak eta MAIER automobilgintzako osagaien fabrikatzaileak lankidetzarako esparru-akordioa berritu dute, automobilgintzaren esparruan ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak egiteko eta gai espezifikoetan kolaboratzeko.

Zehazki, akordioaren helburua da MTCren (MAIER TECHNOLOGY CENTRE) jarduerarako balioa sortzen jarraitzea, bi zentroen helburu komunak lortzen laguntzen duten hainbat ekintza integratuz.

Teknikerrek MTCri eskaintzen jarraituko dion ekarpen garrantzitsuenen artean, fabrikazio aurreratuko eta gainazalak sortzeko teknologietan duen esperientzia zabala dago, baita prozesuak digitalizatzen, automatizatzen eta eskalatzen ere.

Lortutako akordioa duela gutxi formalizatu da MAIERek Ajangizen (Bizkaia) dituen instalazioetan egindako protokolo-ekitaldi batean. Bertan parte hartu zuten Luis Uriartek, Teknikerreko zuzendari nagusiak, Martin Ugaldek, MAIEReko CEOak, eta Aitor Atutxak, MTCko (MAIER TECHNOLOGY CENTRE) zuzendari kudeatzaileak.

MAIER erreferentea da automozioaren sektorerako osagai estetikoen diseinuan eta produkzioan, eta balio erantsi handiko piezak fabrikatzeko teknologia berritzaileen eta soluzio aurreratuen alde egindako apustuagatik nabarmentzen da. Plastikoak injektatzen eta dekorazio-estaldurak egiten ditu, etorkizuneko mugikortasunaren bilakaeran laguntzeko.

Bestalde, Teknikerrek funtsezko zeregina betetzen du teknologia industria-ingurunera transferitzeko. Zentro teknologikoa espezialista da fabrikazio aurreratuan, estaldura funtzionaletan eta digitalizazioan. Arlo estrategiko horietan, MAIERek, eta zehazki, MTCk automobilgintzako berrikuntzarako funtsezko bazkide izaten jarraitzen du.

Bi erakundeen arteko akordioaren sinaduraren berritzeak aurrerapen berri bat ekarri du duela urte batzuetatik, 2016tik, MAIER Teknikerren patronatuko kide izatera igaro zenetik, eta baita erakunde laguntzaile izatera ere.