Teknikerrek fabrikazio adimenduan garatu dituen azken soluzioak aurkeztuko ditu Transfiere foro europarrean
Zentro teknologikoa hizlari eta erakusketari arituko da FEDITek antolatutako biltzarrean, fabrikazio aurreratuan, gainazalen ingeniaritzan eta IKTetan egin dituen azken aurrerapen teknologikoak ezagutarazteko.
Beste zentro teknologiko eta unibertsitate batzuekiko lankidetza sustatzea da Tekniker Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidearen helburu nagusietako bat, industriara teknologia transferitzeko prozesuak bultzatzeari begira. Zentzu horretan, zentro teknologikoak Transfiere - Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Europako Foroan parte hartuko du, zeina Zentro Teknologikoen Espainiako Federazioak (FEDIT) antolatu baitu maiatzaren 16 eta 17rako, Malagan.
Zehazki, zentroa hizlari eta erakusketari arituko da biltzarrean, fabrikazio aurreratuan, gainazalen ingeniaritzan eta ekoizpenerako IKTetan egin dituen azken aurrerapen teknologikoak ezagutarazteko.
Batetik, zentro teknologikoak mahai-inguru batean hartuko du parte; Áureo Díaz Carrasco FEDITeko zuzendariak moderatuko du mahai-ingurua, eta José Miguel Landeta Teknikerren Teknologiaren Transferentzia Ataleko zuzendariak "Fabrikazio adimenduneko teknologia robotikoen Cervera Sarea" izeneko hitzaldia emango du.
Tekniker 2021etik buru da elkarlaneko sare horretan, zeinaren helburua baita fabrikazio industrialean teknologia robotikoen garapena eta aplikazioa sustatzeko behar diren tresnak eta azpiegiturak dauzkaten zentro teknologikoen artean sinergiak sor daitezen bultzatzea.
Landetak otsailaren 17an hartuko du hitza, foroko Technology Room aretoan, 11:45erako programatuta dagoen hitzaldian. Bertan, honako hauek ere parte hartuko dute: Enrique Morgades, CIRCEren Merkatu Unitateko zuzendaria; José Miguel Fernández, Aitiip zentro teknologikoaren I+Gko teknikari seniorra; Áurea Rodríguez, EURECATen Garapen Korporatiboko Unitateko burua; Pablo Coca, CTICen Negozio Eragiketa eta Garapeneko zuzendaria eta Daniel Sáez, ITIren Adimen Estrategiko eta Transferentziako zuzendaria.
Erakustaldi teknologikoa
Bestetik, Teknikerrek bere txokoa edukiko du FEDITen standean, zeina Technology Room aretoan egongo den baita ere. Bertan, sektore estrategikoetan (besteak beste, aeronautikoan edo osasunekoan) aplika daitezkeen teknologien bidez garatutako erakusgaiak erakutsiko ditu, hala nola fabrikazio gehigarriaren, plasma bidezko elektrooxidazioaren (PEO), laser bidezko teknologiaren eta mikro nahiz nanofabrikazioaren bidez garatu dituenak.
Era berean, Teknikerrek honako hauek erakutsiko ditu foroan: hauts bidezko LMD (Laser Metal Deposition) teknologiaren bitartez egindako titaniozko horma bat, pieza interesgarria hori sektore aeronautikorako; osasun-arloan erabiltzen den sare hexagonal bat, zehaztasuneko laser-ebaketaren bidez fabrikatu dena; PEO estaldurak, besteak beste sektore aeronautikoan, automobilgintzan edo osasun-sektorean asko eskatzen diren aluminiozko eta titaniozko piezetarako; nikelezko mikro/nanoegiturak dituen molde bat, elektrojalkitze-prozesuaren bidez fabrikatu dena (molde horren bidez, gainazal makro/nanoegituratua duten pieza plastikoak lortzen dira, hainbat funtzionaltasun dituztenak: ahalmen biozida, ura uxatzeko ahalmena edo izotza sortzea saihesteko ahalmena).
"FEDIT bezalako foroetan parte hartzea sekulako aukera da Teknikerrentzat, ekoizpen-prozesuak hobetzen dituzten soluzioak garatzeko orduan gure teknologiak nola aplikatzen ditugun erakutsi ahal diegulako enpresei. Gainera, Europa mailako gainerako aktore industrialekin elkarreraginean aritu eta ezagutza partekatu ahal izateak industriaren erronkei erantzuteko aukera ematen du", azaldu du Luis Uriarte Teknikerreko zuzendari nagusiak.
Transfiere foroa ezagutzaren transferentziari eta I+G+b-ren sustapenari buruzko ekitaldi nagusia da Espainian: aurreko edizioan, 200 aditu hizlarik, 2.000tik gora profesionalek eta 30 unibertsitatek baino gehiagok hartu zuten parte. 11. edizioak zenbaki horiek hobetu nahi ditu otsailaren 16an eta 17an, Malagako azoka- eta biltzar-jauregian.
Tekniker fabrikazio aurreratuan, gainazalen ingeniaritzan, produktu-ingeniaritzan eta ekoizpenerako IKTetan espezializatutako zentro teknologikoa da. I+G+b-ren bidez gizarte osoari hazkundea eta ongizatea eransteko xedea dauka, eta enpresa-ehunduraren lehiakortasunari modu jasangarrian laguntzen dio. Tekniker Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea da.