Teknikerrek finkatu egin du metatze-sistema aurreratuetan zuen lidergoa, Almagrid sarean parte hartuta.
Garapen Teknologiko Industrialerako Sareak (GTIS) sustatzen du Almagrid sarea, zentro teknologikoek metatze-sistemetan dituzten gaitasunak indartzeko eta teknologia horren alorrean askotariko agenteekin (bereziki, enpresekin) lankidetzan aritzeko duten ahalmena bultzatzeko asmoz. Bada, Teknikerrek parte hartzen du metatze-sistema aurreratuen bikaintasuneko sare horretan.
Garapen Teknologiko Industrialerako Sareak (GTIS) sustatzen du Almagrid bikaintasuneko sarea; sareak, bada, metatze-sistema aurreratuak garatzeko xedea dauka, sare elektrikoan energia berriztagarria sortzeko teknologien integrazio masiborako premiei erantzuteari begira, sektorean erreferentziazko sarea izan dadin.
Halaber, zentro teknologikoek metatze-sistemetan dituzten gaitasunak indartu nahi ditu, teknologia horretan askotariko agenteekin (bereziki, enpresekin) elkarlanean aritzea bultzatuz.
Teknikerrek Almagrid du ardatz redox fluxuzko baterien teknologiaren ikerketan, bateria horiek energia metatzeko sistemak izateari dagokionez. Zentro teknologikoa ikerketa-ildo berriak lantzen ari da, bateria horien kostua, errendimendua, bizitza erabilgarria eta segurtasuna hobetzeko, ingurumen- eta birziklatze-alderdiak kontuan hartuta. Horretarako, elektrolito urtar ez-organiko berriak, osagaietarako materialak eta gelaxka-diseinuak aztertzen ari da.
GTISek bikaintasuneko saretzat jotzen du Almagrid egitasmoa, zeina energiaren sektorean espezializazio- eta bikaintasun-maila handiak dauzkaten ikerketa teknologikoko lau zentroren inguruan antolatzen den. Honako hauek dira zentrook: Cidetec Energy Storage, ITE, Circe eta Tekniker.
Testuinguru horretan, bikaintasuneko sarea lau erakundeen arteko elkarreragin-esparrua ezartzeko aukera berezia da, zentroek orain arte banaka egin duten jarduerari begiratzeko, sinergiak sortzeko eta jardueraren industria-inpaktua nabarmen areagotzeko. Hori guzti hori, "Elkarrekin gehiago eta hobeto egiten dugu, eta urrutirago iristen" leloaren pean.