Teknikerrek hidrogenoaren balio-kate osoan dituen gaitasunak erakutsiko ditu EHEC 2024an
Zentro teknologikoak lau ponentziatan jorratuko du hidrogenoa sortzeko, biltegiratzeko, garraiatzeko eta erabiltzeko teknologia berriak garatzen duen esperientzia eta ezagutza.
Tekniker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, presentzia nabarmena izango du martxoaren 6tik 8ra Bilbao Exhibition Centerren (BEC) egingo den EHEC 2024 biltzarrean, hidrogenoaren balio-kate osoan dituen gaitasun teknologikoak jorratuko dituzten lau ponentzien bidez.
Zehazki, zentro teknologikoak foro europarraren edizio berrian erakutsiko du hidrogenoaren esparruan eskualde, estatu eta Europa mailan hainbat proiektutan eskuratutako ezagutza, bai eta hidrogenoa industrian sortzeko, biltegiratzeko, garraiatzeko eta erabiltzeko teknologia berrien ikerketan eta garapenean duen esperientzia ere.
Alde batetik, Lucía Mendizabal Teknikerren Hidrogenoaren aldeko Apustuaren koordinatzaileak PVD (Physical Vapor Deposition) teknologiaren inplementazioa aztertuko du, elektrolisi-stack-en osagaiak eskala handian eta modu automatizatuan fabrikatzeko, eta nazio-mailako bi lankidetza-proiekturen adibidea jarriko du. Lehenik eta behin, GREENH2PIPES, CDTIk MISIONES deialdian finantzatutako proiektua, Enagás buru duena eta Teknikerrek parte hartzen duena, PEM elektrolizagailuetarako material eta osagai berriak garatzeko, horien fabrikazio-kostuak murrizteko helburuarekin. Bigarrenik, ELEKWIND, Teknikerrek parte hartzen duen proiektua, Espainiako Gobernuaren Energia Berriztagarrien, Hidrogeno Berriztagarriaren eta Biltegiratzearen PERTEren (ERHA) esparruan finantzatua.
"Beste enpresa batzuekin elkarlanean dihardugu elektrolisiko stack alkalinoen errendimendua eta malgutasuna hobetzeko eta energia eolikotik abiatuta hidrogeno berdea sortzeko, kostu lehiakorragoan", aurreratu du adituak.
Bestalde, Antia Villamayor ikertzaileak PEM elektrolizagailuentzako platino-karga ultra baxuko elektrodoen fabrikazioan egindako garapenak azalduko ditu, Fernando López ikertzaileak Teknikerrek hidrogeno-atmosferen eraginpean dauden materialen karakterizazioan dituen gaitasunak erakutsiko ditu, eta Ane López adituak aplikazio industrialetarako hidrogeno-ekoizpeneko sistemen dimentsionamendu-tresnek eskaintzen dituzten aukerei buruz hitz egingo du.
Gainera, 11CL standean, Euskadiko Energia Klusterraren gunean, zentroak hainbat erakusle izango ditu, arlo horretan I+G bultzatzeko gaitasunen eta instalazioen lagin bat eskaintzeko.
Adibidez, bertaratuek hidrogenoa behar bezala banatzeko diseinatutako plaka bipolarrak hurbiletik ezagutu ahal izango dituzte erakustokian. Plaka horiek PVD teknologiaren bidez garatutako estaldura babeslea dute, korrosioa saihesteko eta eroankortasun elektrikoa handitzeko.
"Azokan, gure know how-a erakutsiko dugu elektrolisi-gelaxken diseinuan eta optimizazioan, baita hidrogeno bidezko fragilizazio-saiakuntzetarako hainbat pieza ere", gehitu du Lucía Mendizabalek.
Hidrogenoaren aldeko apustua
Teknikerrek EHEC 2024an duen presentziak indartu egiten du zentro teknologikoak hidrogenoaren alde egiten duen apustu irmoa, eta I+Grekin industria deskarbonizatzen laguntzen du.
Horretarako, zentroak hidrogeno-teknologiekin esperimentuak egiteko berariaz diseinatutako laborategi bat du, eta 1 kW-ko proba-banku bat du, mintz protonikoko elektrolizagailuetarako (PEM) osagai, material eta diseinu berriak probatzeko eta kontrol- eta integrazio-estrategia berriak aztertzeko. Gainera, instalazioek 5 kW-eko elektrolizagailu bat dute hidrogenoa sortzeko.
Halaber, Teknikerrek ekipamendu bat gehitu du presiopeko hidrogeno-atmosferen eraginpean dauden hainbat materialek propietate mekanikoetan duten eragina ebaluatzeko, saiakuntza elektrokimikoen banku bat, materialen hidrogenoarekiko iragazkortasuna ebaluatzeko, eta hidrogenoa daramaten likido organikoak garatzeko eta karakterizatzeko erreaktore bat.