Teknikerrek lineako salmentara sartu du saiakuntza-laborategia
Tekniker zentro teknologikoak Clickindustrial industria-zerbitzuen B2B plataforma aitzindariaren aldeko apustua indartuko du, ´ saiakuntza-laborategia´ izeneko kategoria berriarekin.
Digitalizazioari esker, orain arte prozesurik tradizionalentzat itxita zeudela ziruditen ateak zabaldu dira; besteak beste, enpresek industria-zerbitzuak erosteko jarduerari ateak ireki zaizkio. Zentzu horretan, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den Tekniker zentro teknologikoak Clickindustrial marketplace aitzindaria abiarazi zuen 2019an, enpresei industria-zerbitzuak klik bakarrean eskaintzeko asmoz.
Plataforma bi urte hauetan hazi egin denez (%476 areagotu du seihileko fakturazioa, eta 2 batez besteko tiketa), Teknikerrek gune digital horren aldeko apustua indartzen jarraitzen du: oraingo honetan, laborategiko saiakuntzetarako kategoria berria sortu du.
"Teknikerren oso argi daukagu Clickindustrialek sekulako ahalmena daukala, eta atariko industria-zerbitzuen zorroa zabaltzen jarraitu nahi dugu. Epe ertainera, saiakuntzen sorta oso bat txertatzea da helburua", azaldu du Itziar Cenoz Teknikerren Marketing & Digital Business Ataleko zuzendariak.
Garbiketa teknikoko saiakuntzak
Hala, kategoria berri horretan dagoen lehenengo erakusgaia garbiketa teknikoko saiakuntza bat da, zeinak aukera ematen baitu hainbat sektoretako (automobilgintzako, sektore aeroespazialeko, medikuntzako, sektore hidraulikoko eta doitasun-osagaien sektoreko) eskakizun-maila handiko sistemetan sartuko diren pieza eta osagaietan dagoen hondar-kutsadura aztertzeko. Teknikerren garbiketa- saiakuntzak Ziurtapenerako Erakunde Nazionalaren (ENAC) ziurtagiria daukate 2015etik, zentroa urte hartan bihurtu baitzen saiakuntza mota horietarako ziurtapena zuen lehen erakundea estatuan.
Plataforman, garbiketa teknikoko saiakuntzak (laborategian edo in situ egiten direnak) nahiz ´Tape Lift´ saiakuntzak eros daitezke, osagaien garbiketa- saiakuntzetarako araudian eta bezeroen arau espezifikoetan ezarritako parametroak betez.
Zerbitzu hori gauzatzeko, Teknikerrek hainbat morfologia, osagai eta tamainatarako garbiketa-kabinak dauzka, bai eta argi polarizatua duten partikula automatikoak aztertzeko mikroskopio optiko bat eta EDS X izpien bidezko ekorketa automatizatuko mikroskopio elektroniko bat ere.
Clickindustriali buruz
Clickindustrial marketplace formatuan sortu zen, eta, zentro teknologikoari zerbitzuak eskaintzeaz gain, beste enpresa batzuek beren produktu eta zerbitzuak sal ditzakete bertan. Teknikerrek arretaz hautatzen ditu hornitzaileak, haien teknologiaren kalitatea bermatzeko; gainera, elkarren jarduera osatzen duten enpresak bilatzen ditu, sinergiak eta salmenta gehiago sor daitezen.
Gaur egun, atariak Bureau Veritas enpresaren laguntza jasotzen du, bere zerbitzuak plataforman merkaturatzen dituen lehenengo enpresa gisa. Etorkizunari begira, salmentak digitalizatzeko asmoz Clickindustrialen sartu nahi duten enpresa kolaboratzaile gehiago atxikitzeko lanean ari da Tekniker, baita plataforman erabilgarri dituen zerbitzuen kategoriak zabaltzeko ere.