Teknikerrek Metromeet biltzarraren 18. edizioan parte hartuko du
Teknikerrek robot industrialean txertatutako autokalibrazioko soluzio bat aurkeztuko du biltzarrean, zehaztapena hobetzeko asmoz ikuspenean oinarritzen dena.
Apirilaren 7an eta 8an, Metromeet - Industria Dimentsionaleko Metrologiari buruzko Nazioarteko Biltzarra hartuko du Bilbok, aurten formatu hibridoan egingo baita (Bilbon aurrez aurre, eta streaming bidez).
Innovalia taldeak antolatu duen biltzar hau erreferentea da nazioartean, metrologiaren eta industriaren garapenaren arloari dagokionean. Bada, sektoreko nazioarteko hizlariak bilduko ditu, aipatu gaiaren inguruan egin diren azken aurrerapenen berri eman eta produktuen kalitatean egin diren hobekuntzak azaldu diezazkiguten.
Teknikerrek ponentzia batekin hartuko du parte biltzarrean, Idekorekin lankidetzan (biak dira Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak): “Vision integrated system for a robot self-calibration solution through 6 DOF uncertainty assessment” da ponentziaren izenburua, eta SPRI taldeak Elkartek programaren barruan finantzatutako Precitek proiektuaren esparruan garatu da.
Proiektuak manipulazio- eta ekoizpen-bitartekoei erreparatzen die, fabrikazio-prozesuetan ekipoen zehaztasuna nola hobetu eta egonkortu daitekeen ikertzeko, akatsak murriztu (Zero-defects) eta sistemen eraginkortasuna areagotu ahal izan daitezen.
Zentro teknologikoak, zehazki, robot industrial baten modelizazioan eta karakterizazioan egindako lana aurkeztuko du. Lan horrek robot digital baten eredua (digital twin) sortzea izan du helburu, robotaren autokalibrazioan ezarriko diren betekizunak eta prozedura ikuspen-sistema baten bidez zehaztu ahal izateko.
Biltzarra sektore metrologikoko enpresetako profesionalei eta erabiltzaileei, nazioarteko hainbat unibertsitateri eta izen handiko ikerketa-zentroei zuzenduta dago.
Kongresuari buruzko informazio gehiago hemen.