Teknikerrek Wake Up! Spain foroan parte hartuko du
Luis Uriarte Teknikerreko zuzendari nagusiak Wake Up! Spain Espainiako II. Ekonomia Foroan parte hartuko du, teknologiari, telekomunikazioei eta digitalizazioari buruzko eztabaida batean ekarpenak egiteko.
Wake Up! Spain Espainiako Ekonomia Foroa El Español egunkariak, D+I (Disruptores e Innovadores) atariak eta Invertia atariak antolatu dute, eta, aurten, bigarren edizioa egingo du, apirilaren 4tik 8ra, Madrilgo Amerikako Etxean.
Ekitaldiak, ´Davos espainiarra´ ere esaten zaionak, ´Ikaskuntza, hazkundea eta jasangarritasuna Europa solidarioan´ gaia izango du jomuga, eta, eztabaidetan, honako hauek jorratuko dira, pandemiaren ostean eta Ukrainako gerraren testuinguruan Europa suspertzeko proiektu handiari dagokionez: ezagutza digital berriak, ekonomiaren hazkundea, energia-trantsizioa eta gizarte-kohesioa.
Halaber, bost egunetan, Gobernuak orain artean iragarri dituen PERTE-en (Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen) bilakaera aztertzea izango da ardatz-xedeetako bat. Era berean, Next Generation funtsak Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren babespean iristeko egin diren erreforma nagusiak banakatuko dira.
Apirilaren 7ko jardunaldian, ´Hezkuntza, teknologia, lana eta enpresa´ deiturikoan, mahai-inguru bat egingo da, eta, bertan, hainbat zentro teknologikotako ordezkariek (horien artean, Luis Uriarte Teknikerreko zuzendari nagusiak) teknologiaren, telekomunikazioen eta digitalizazioaren inguruan duten ikuspegiaren berri emango dute.
Ekitaldia Pedro Sánchez Gobernuko presidenteak inauguratuko du gaur, eta Mathias Cormann Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko idazkari nagusiak itxiko du. Bada, ehundik gora hizlarik hartuko dute parte, eta horien artean egongo dira hala administrazio publikoak, nola Espainiako enpresa nagusietako presidenteak (besteren artean, Telefonicakoa, Banco Santanderrekoa, BBVAkoa, Iberdrolakoa eta Naturgykoa). Bestetik, Europako eta Estatu Batuetako multinazional garrantzitsuenetako batzuen nazioarteko CEO ugari egongo dira.
Ekitaldiari buruzko informazio gehiago hemen.