Teknikerrek zehaztasun handiko ekipo bat erosi du, estalduren gogortasuna neurtzeko
Teknikerrek azken belaunaldiko ekipo bat erosi du, askotariko estalduren gogortasuna eta propietate elasto-plastikoak nanoindentazio bidez eta zehaztasunez neurtzeko.
Gaur egungo aurrerapen teknologikoek gero eta geruza meheagoak erabiltzen dituzte, baita gainazal funtzional gehiago ere. Geruza fin horiek garatzeko, propietateak (hala nola, propietate mekanikoak: gogortasuna edo elastikotasuna) maila nanoan karakterizatu behar dira.
Testuinguru horretan, Teknikerrek Zwick Roell-en ZHN entsegu nanomekanikoko sistema unibertsala erosi du, horri esker zehaztasun handiz zehaztu baitaitezke materialen eta estalduren gogortasuna zein modulu elastikoa. Ekipoa oso irmoa da, eta karga-maila zabala aplikatzen du (0,05 mN - 2N); halaber, entseguak egiten ditu, modu estatiko nahiz dinamikoan. Ekipoak, gainera, marradura-entseguak (schatch test) egitea ahalbidetzen du, estalduren itsasgarritasuna ebaluatzeko.
Hala, ZHN nanoindentatzailearekin, askotariko estalduren karakterizazio nanomekanikoa egin daiteke, estaldura polimeriko edo biologikoetatik hasi eta estaldura gogorretaraino (zeramikoak eta diamanteak edo Diamond Like Carbon -DLC- deiturikoak).
Teknikerrek askotariko sektore eta aplikazioetarako garatzen ditu estaldura horiek: estaldura gogorrak erremintetarako; marruskadura baxuko estaldurak automobilgintzako eta arlo aeroespazialeko osagaietarako; babes-estaldurak beirarako; sentsoreetarako, MEMSerako edo katalisirako estaldurak eta abar.
Zentroko instalazioak doitzeko eta ikertzaileak ekipoen erabileran gaitzeko, Teknikerrek Thomas Chudoba doktorearen laguntza jaso du, hark garatu baitu ekipoa.
Chudoba doktorea nazioarte-mailako erreferentea da gainazalen eta estalduren propietate mekanikoen karakterizazioan eta nanoindentazioan. 2003an, ASMEC (Advanced Surface Mechanics GmbH) sortu zuen, gainazalak eta estaldurak optimizatzeari begira, karakterizazio mekanikoko tresna aurreratuak, metodoak eta softwarea garatzeko.
Ekipoa Cervera Bikaintasuneko Zentro Teknologikoak proiektuaren finantzazioari esker erosi da, Surfera Bikaintasuneko Sarearen esparruan (material aurreratuak).