Teknologia robotikoak errepideetako mantentze-lanetan: Prototipoak eta aurrerapen teknologikoak baliozkotzea

Data 17-01-2025 Tekniker

Europako bide-azpiegiturak zahartzeak irtenbide teknologiko berritzaileak eskatzen ditu, mantentze-lanak arintzeko eta segurtasuna bermatzeko. Testuinguru horretan, Teknikerrek parte hartu duen OMICRON proiektuak teknologia robotiko aurreratuak garatu ditu errepideetan mantentze-lan adimendunak egiteko. Aurrerapen horiek "Old Roads, New Technologies" izeneko jardunaldian aurkeztu dira, Madrilen.

Errepideak funtsezkoak dira egungo gizartearentzat eta ekonomiarentzat, eguneroko joan-etorriak, salgaien garraio eraginkorra eta funtsezko beste jarduera batzuk ahalbidetzen baitituzte. Hala ere, Europako bide nagusietako askok, 1960tik 1970era bitartean eraikiak, 50 urteko balio-bizitza gainditu dute, eta premiaz behar dituzte berritzeak eta mantentze-lanak. Trafiko-fluxua etengabea denez, ezinbestekoa da irtenbide teknologikoak ezartzea, prozesu horiek azkartzeko eta langileen segurtasuna bermatzeko.

Helburu horrekin, Teknikerrek parte hartzen duen OMICRON proiektuak irtenbide berritzaileak garatu ditu azpiegituren kudeaketa adimendunerako. Aurrerapen horiek atzo eman ziren ezagutzera, Madrilen egindako "Old Roads, New Technologies" jardunaldian.

Jardunaldian adituak, ingeniariak eta sektoreko arduradunak bildu ziren proiektuaren emaitzak partekatzeko, baita Europako errepideen mantentze-lanei aplikatutako teknologia robotikoen azken garapenak partekatzeko ere.

Emaitzei dagokienez, errepideen mantentzea optimizatzeko diseinatutako plataforma robotiko modular batean oinarritutako lehen prototipo funtzionalarekin egindako probak azaldu ziren.

OMICRON proiektua garatu bitartean, hainbat mantentze-lan baliozkotu dira prototipo berritzaile hori baldintza errealetan erabiliz. Esku-hartze nagusietako bat Valentziako A-7 autobidean izan zen. Bertan, pitzadurak zigilatzeko eta pintura laser bidez kentzeko eragiketak egin ziren. Ekintza horiek plataforma zehatza eta eraginkorra dela erakutsi dute, eta irtenbide berritzaile gisa bideragarria dela berretsi dute.

Era berean, beste mantentze-lan batzuk ere egin eta baliozkotu ziren, hala nola trafiko-konoak jartzea, seinaleak garbitzea, biondak jartzea eta aldi baterako seinaleak jartzea A-1 autobidetik gertu, Florentzian. Lan horiek funtsezkoak dira obretan eta trafiko aldatuko egoeretan bide-segurtasuna bermatzeko, eta teknologia robotiko horren moldakortasuna eta funtzionaltasuna erakutsi dute.

Madrilgo jardunaldia agertoki egokia izan zen aurrerapen esanguratsu horiek trukatzeko eta Europako bide-azpiegituren kontserbazioari eta kudeaketari aplikatutako teknologien etorkizuna eztabaidatzeko. Esparru horretan, ingurune errealetan egindako baliozkotzeak mugarri izan ziren teknologia robotikoen garapenean, eta ikuspegi berriak zabaldu ziren eraginkortasuna optimizatzeko, segurtasuna hobetzeko eta errepideen kudeaketan jasangarritasuna sustatzeko.

 

OMICRON proiektuaren webgunea

This Project has received funding from the European Union´s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement N°955269.