Transformadore “osasuntsuagoak”, mantentze-sistema berrituta
Akatsak eta matxurak diagnostikatzeko sistema integral bat (Funtzioaren araberako Mantentze-lana izenekoa) hasi da erabiltzen IK4-TEKNIKER, transformadoreen bizitza baliagarria eta eraginkortasuna hobetzearren.
Industria-jarduera guztietan bezala, transformadore elektrikoen alorrean ere funtsezko zerbitzua da mantentze-lana makineriak ongi funtzionatzeko, kostuak murrizteko eta laneko segurtasuna bermatzeko.
Horregatik, akatsak eta matxurak diagnostikatzeko sistema integral bat (Funtzioaren araberako Mantentze-lana izenekoa) asmatu du IK4-TEKNIKERek, zentro teknologiko horretako ikertzaileek enpresetan atzeman dituzten eskari nagusiak aintzat hartuta. Informazio gehiago jasotzeko, eta, horrenbestez, gailuen bizitza baliagarria eta eraginkortasuna hobetzeko aukera ematen du sistema berriak.
Nazioarteko arauak bereiz aplikatzen zaizkie azterketa fisiko-kimikoei, gas disolbatuei eta furanoen deribatuei; hori dela eta, enpresetako mantentze-lan arruntetan galdu egiten da transformadorearen diagnostiko orokorra egiteko oso baliotsua den hainbat informazio.
Emaitza integratuak
Arazo hori konpontzearren, Funtzioaren araberako Mantentze-laneko sistemak bildu egiten ditu transformadore bateko azpisistema guztietako azterketen emaitzak, osagai bakoitzaren eginkizuna kontuan hartuta interpretatzen ditu emaitzak, eta osagai bakoitzaren akats espezifikoak ikusi ondoren egiten du osagaiaren diagnostikoa.
Isolamendu likidoa eta solidoa transformadorearen berezko osagaitzat hartzen ditu sistema honek, ez elementu osagarri soiltzat, sistema osoaren egoerari eragiten baitiote. Kontzeptu-aldaketa horri esker, transformadorearen egoera orokorraren azterketa zehatzagoa eta eraginkorragoa egiten du IK4-TEKNIKERek asmatutako metodoak.
Baliabide oso garrantzitsua dira transformadoreak energia elektrikoaren sortze-, garraiatze-, banatze- eta erabiltze-prozesuetarako; horregatik, berariazko zaintza behar dute osagai horiek, instalazio industrial orotan egon ohi baitira, nahiz eta mantentze-lanetako arduradunek ez eskaini behar duten arreta guztia.