Zayerrek eta Teknikerrek elkarrekin makina-erremintan egindako apustua berritu dute
1994. urtetik hainbat proiektutan aritu dira elkarrekin lanean, eta duela gutxi hitzarmen berria sinatu dute makina-erremintan I+G+B-ren aldeko apustua berritzeko.
COVID-19aren pandemiak ziurgabetasun sentsazioa handitu duen arren, ekonomiak eta, oro har, gizarteak aurrera egiten jarraitzen dute industria-ehunaren sendotasunari esker, bai eta sektoreko enpresen eta zentro teknologikoen arteko lankidetzei ere. Testuinguru horretan, Zayerrek, makina-erremintaren sektoreko erreferenteetako bat, eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kide den Tekniker zentro teknologikoak beren lankidetza berritu dute zentro teknologikoaren Eibarko instalazioetan, elkarrekin makina-erremintan I+G+B sustatzen jarraitzeko eta industriaren ekonomia suspertzen laguntzeko.
Lankidetza hau 1994an abiarazi zen, elkarrekin bideratutako lehen proiektuarekin, eta harrezkero hainbat mugarriren bidez sendotu da. 2014 urte erabakigarria izan zen, Zayer zentro teknologikoaren erakunde kolaboratzaile bilakatu baitzen, eta horrek nabarmen erraztu baitu I+G-ko estrategien eta jardueren koordinazioa. Hala, emaitzak maximizatu dira eta harreman egonkor eta emankorra finkatu da.
Ildo horretatik, duela gutxi lankidetza- eta lagapen-hitzarmen berria sinatu zuten goi-mailako errendimenduko Arion G makinari lotuta, BIEMH 2018 berrikuntza saria irabazi zuena. Funtzio anitzeko mekanizazio-zentroa da, konektatuta dagoena, moldakorra, zehatza eta mantentzeko erraza.
Gaurko ekitaldian zehar, gainera, Zayerrek eta Teknikerrek elkarrekin bideratzen ari diren proiektuak eman dituzte ezagutzera, eta horietarako erabakigarria izango da Arion G makinaren lagapena, izan ere, ingurune errealetan lan egitea eta azkar merkatura eraman daitezkeen emaitzak lortzea ahalbidetzen du. Zentzu horretan, Zayerreko zuzendari nagusi, Iñigo Pérez Lópezek, begi onez ikusten du bi erakundeen arteko lankidetza, izan ere, zera esan du: “aukeratutako ereduari esker, eta proiektuetan Zayerrek Teknikeri lagatako makina erabiliz, merkatuan dauden beharretatik oso hurbil dauden soluzioak gara daitezke, jarraipen hobea eginez eta denon parte-hartzearekin”.
Lankidetza egonkorra
Normalean, Zayerrek eta Teknikerrek diseinuaren egiaztapenarekin lotutako alorretan aritzen dira elkarlanean; egiaztapen hori elementu finituen bidezko analisi eta analisi esperimentalen bidez lantzen da. Arion G makinari esker, Teknikerren instalazioetan proiektu berriak jarri ahal izango dira martxan, eta horrek Zayerrentzat merkatu zabalagoa sortzeaz gain, Teknikerrek emandako teknologiaren heldutasun-maila handitzen lagunduko du; hala, produktuen time-to-market murriztuko da. Zentzu horretan, bi enpresen helburua da nazioarte mailan produktu berritzaile eta lehiakorrak lortzea, euskal industria lehen lerroan kokatzeko.
Zayerrek lagatako makina konektatu eta adimendun hau bi enpresak elkarrekin bideratzen ari diren proiektu batean erabiliko da, CDTIk finantzatutakoa eta 2021ean amaituko dena. Proiektuaren helburu nagusiak honako hauek dira: prozesu anitzeko gaitasun berriak garatzea, makina bakarrean hainbat eragiketa egin ahal izateko; kalitatea bermatzea, prozesuaren bibrazioak saihestuz; eta eskuragarritasuna handitzea, makinaren benetako egoera ondo ezagututa. Hau da, 4.0 mantentzean eta produktuen kalitatean aurrera egiteko ezinbestekoak diren helburuak.
Proiektu hau duela gutxi amaitu zen beste bati lotuta dago, non bi enpresak elkarlanean aritu ziren. Kasu horretan, makinaren zehaztasuna hobetzea izan zen helburua, laser askoz zuhurrago batez lagundutako muntaketan oinarrituta. Horretarako, proiektu honetan neurketa eta kontrol tresna guztiz berritzaileak erabili dira. Zentzu horretan, laser bidez lagundutako muntaketarekin, muntaketa-prozesua askoz azkarragoa eta zehatzagoa da. Teknikerrek laser bidezko prozesuetan eta metrologian duen espezializazioa giltza izan da zehaztasunaren helburua betetzeko.
Zayeri buruz
Zayer makina-erremintaren arloko enpresa da, teknologia aurreratua eta 70 urtetik gorako esperientzia duena fresatzeko makinen eta tamaina handiko mekanizazio-zentroen garapenean. Hala, bere jarrera ekintzailearen eta gaitasun berritzailearen alderik onena eskaintzen die bezerori. 2014tik Teknikerren erakunde kolaboratzailea da.