Hirietako energia kudeatzeko zer gaitasun dituen erakutsiko du IK4-TEKNIKERek

Data 16-11-2015 IK4-TEKNIKER Tags Biltzarrak . Azokak .

Zentro teknologikoak F653 standean erakutsiko du URB-Grade web-plataforma zertarako gai den. Hirietako energia eraginkortasunez kudeatzea helburu duen Europako proiektu baten emaitza da URB-Grade.

Datozen hiru egunetan (azaroaren 17tik 19ra), Bartzelona "hiri adimendunen" hiriburu bihurtuko da. Smart City Expo World Congressen (SCEWC) edizio bat egingo da Bartzelonan, eta mundu osoko 500 hirik, 450 erakusketarik eta 400 hizlarik parte hartuko dute.

Fira Barcelonako Gran Via barrutian aditu handienetako batzuk bilduko dira, eta aztertuko dute hiri-eraldaketako zer erronkari aurre egin beharko diogun etorkizun hurbilean hirien jasangarritasuna bermatzeko. Horretarako, hainbat diziplina konbinatuko dituzte, hala nola mugikortasuna, teknologia, energia-eraginkortasuna eta ingurumena.

Erakusketariak

Parte hartzen duten 450 enpresek eskura dauden hirigintzako azken soluzioak eta hirien kudeaketa integralerako plataformak erakutsiko dituzte.

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak bigarren urtez jarraian parte hartuko du azokan, eta F653 standean egongo da. Horrez gainera, URB-Grade web-plataforma zertarako gai den aurkeztuko du. Plataforma horren bidez, hiriek etorkizunean energia modu eraginkorragoan kontsumitzeko ekintza zuzentzaileak gauzatzeko behar dituzten neurketak eta kudeaketak egin eta behar duten laguntza jaso ahal izango dute.

Plataforma hori Europako URB-Grade proiektuaren parte da. —Europako Batzordeak VII. Esparru Programaren barruan finantzatutako proiektua da, eta hirietako energia kudeatzeko DaaS (District as a service) kontzeptuaren potentziala aztertzea du helburu.

Biltzarra

Biltzarrean 400 hizlari bilduko dira, 40 saiotan baino gehiagotan, sei gai hauen inguruan: Technology, Society, Governance; Sustainability, Mobility eta Innovation & Startups.

IK4-TEKNIKERek “Tracking and tackling climate change” saioan parte hartuko du, non klima-aldaketari aurre egiteko soluzioak eta politikak eztabaidatuko dituzten. Saio horretan, “URB-Grade Decision Support Tool: Towards the District as a Service” hitzaldia emango du, Eibarko (Gipuzkoa) zenbait kaletako argiteriaren kontsumoa biltzeko gai diren sentsoreen sare bat hedatzen zentro teknologikoak duen parte-hartzeari buruz.