Tekniker industriarekin lanean dihardu korrosioari aurre egiteko
Zentro teknologikoak babesa eta aholkularitza ematen die enpresei, korrosioaren ondorioz material metalikoetan gerta litezkeen zerbitzuko hutsegiteak diagnostikatu, kontrolatu eta prebenitze aldera.
Gaur, apirilak 24, Corrosion Awareness Day ospatzen dugu, korrosioak gizartean eta industrian dituen ondorioen gainean kontzientzia sortzea helburu duena. Fenomeno hau BPGd-aren gastuaren % 3-4 da herrialde garatuetan, eta ehuneko hori are handiagoa da garapen-bidean dauden herrialdeetan. Garrantzia handia duen fenomenoa da, material eta osagaien fabrikazio prozesuetan hasten baita, eta materialen iraunkortasuna kaltetzen baitu. Hortaz, zeharka, hainbat sektoretan du eragina, hala nola, industria aeroespazialean, ontzigintzan eta biomedikuntzan.
Ahalegin handia egin behar da fenomeno honen arrazoiak eta ondorioak ikertzeko eta ulertzeko, testuinguru desberdinetan, eta baliabide ugari behar dira bere eragina mugatu eta, horrenbestez, bai kostua bai ondorioak murrizteko. Izan ere, kalkulatu da korrosioak eragindako kostuaren herena saihestu daitekeela kontrol neurri egokiak ezarriz.
Hori dela eta, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kide den Tekniker industria metalmekanikoarekin elkarlanean ari da, enpresei babesa eta aholkuak emanez. Hala, korrosioaren ondorioz material metalikoetan gerta litezkeen zerbitzuko hutsegiteak diagnostikatzen, kontrolatzen eta prebenitzen laguntzen die. Zentro teknologikoak esperientzia zabala du korrosioaren ikerketan, bai eta aurkako inguruneetan material metalikoen babesean ere, eta hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du Europa eta estatu mailan.
Teknikerren garapen teknologikoak materialen gainazalak aldatzean eta estaldura berrien garapenean ardaztuta daude. Horiei esker, gainazal multifuntzionalak lortzen dira, aurkako inguruneetan eraginkorragoak direnak korrosioari eta higadurari aurre egiteko.
Halaber, zentro teknologikoa diziplina anitzekoa denez, eta korrosioari lotuta hainbat saiakuntza egiten dituenez, sakonki aztertu daiteke materialen portaera askotariko girotan, eta estaldura-teknologien soluzioak ebaluatu eta balidatu ere bai: PVD, plasma bidezko elektro-oxidazioa, sol-gel, pigmentuen funtzionalizazioa margo organikoetarako eta abar.
Zentzu horretan, korrosioa aztertzeko Teknikerren laborategiak zenbait potentziostato (korrosio elektrokimikoa) eta entsegu klimatikoak egiteko ganberak ditu, saiakuntza azeleratuak egiteko eta soluzioak araubideen arabera balidatzeko (ISO 9227, ISO 6270, ISO 12944 etab.). Horrez gain, tribologia, metalografia eta materialen hutsegiteak diagnostikatzeko laborategia dauka, hori ere materialen eta garatutako soluzioen portaera mekanikoa aztertzeko.