Teknikerrek V3DMC biltzarraren bosgarren edizioan parte hartuko du
Zentro teknologikoak fotogrametriari buruzko bi hitzaldi emango ditu V3DMC biltzarrean, hots, 3D neurketaren esparruan Europa mailan erreferentea den ekitaldian.
V3DMC (3D Metrology Conference) biltzarraren bosgarren edizioa, industriako eta ikerketako helburuekin 3D neurketak egiteko teknologien aplikazioari eta garapenari buruzkoa, 2020ko urriaren 5etik 9ra bitartean egingo da. Hiru egun horietan, hainbat gai jorratuko dira; hala nola, fabrikazio aurreraturako 3Dko metrologia, automatizazioa eta prozesuko metrologia, neurketaren ziurgabetasuna eta trazabilitatea edo errealitate areagotua.
Industria aeroespaziala, autopropultsatuen industria edo energia-sorkuntza bezalako industria-sektoreetako 3Dko metrologia-sistemen ikertzaileei eta azken erabiltzaileei dago zuzenduta biltzarra. Halaber, azken ekarpenak, aurrerapen zientifikoak eta 3Dko metrologiaren eremuarekin zein 3Dko metrologia industrian ezartzearekin zerikusia duten beste kontu batzuk aurkezteko eta partekatzeko asmoa dauka.
Hala, Basque Research and Technology Alliance partzuergoko kide den Tekniker zentro teknologikoaren presentzia nabarmena izango da, eskala handiko metrologiari buruzko bi hitzaldi emango baititu.
Horietako lehena, “Development and validation of a large-scale photogrammetry system for a novel solar concentration plant" izenburua duena, eskala handirako fotogrametrian oinarritutako neurketa sistema baten garapenari eta balidazioari buruzkoa izango da.
Irtenbide hori martxan jarri eta balidatzeko, neurketa-sistemaren eredu digitala egin da, sistemaren parametroak konfiguratu eta neurketaren zehaztasuna kalkulatu ahal izateko eguzki-sistemako lan-bolumenerako. Irtenbide honen helburua da kable bidezko posizionamendu sistemaren posizionamendua eta orientazioa neurtzea eta zuzentzea, sistemaren posizionamendu kontrola prezisio altuaz bermatzen delarik.
Zehazki, garapen hori Europako MOSAIC proiektuaren barruan sartzen da; bertan, eguzki-kontzentrazioko sistema berritzaile bat garatzen ari da, 30 metroko diametroko ispilu finkoa eta kable bidezko kolektore zilindriko mugikorra bateratzen dituena. Orain arteko sistemekin alderatuta, sistema honen berritasun nagusiak dira arkitektura berriaren kostu txikiagoa eta modularitatea.
Aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da urriaren 6an (asteartea) eta 8an (osteguna). Ordutegia berdina izango da bi egunetan: goizeko 10:00etatik 11:00etara.
Bestalde, bigarren hitzaldiak “A priori Monte-Carlo simulation solutions for large scale metrology” izenburua du, eta bertan Montecarloko metodoan oinarritutako hurbilketa azalduko du, benetako neurketa egin aurreko simulazioak egiteko.
Horrek hainbat abantaila ditu, izan ere, batetik, egoera konplexuetan neurketaren ziurgabetasuna aurreikusten laguntzen du neurtzeko tresna jakin batzuekin, laserra laser tracker edo fotogrametriako sistemak kasu; eta, bestetik, neurketaren ziurgabetasuna murrizteko neurketa prozedurarik egokiena diseinatzen laguntzeaz gain, neurtzeko tresna dagoen lekutik ebaluatu beharreko puntu guztiak neurtu ahal direla bermatzeko ere balio du.
Gainera, aurkezpenean bi kasu praktikori buruz mintzatuko da, lehen aipatutako MOSAIC eta LSST nazioarteko proiektua; azken horretan, zentro teknologikoak eginkizun nabarmendua du, izan ere, Jarraipen Sinoptikoetarako Teleskopio Handiaren (LSST) kontrol eta segurtasun sistemak garatzen ditu, munduko teleskopiorik aurreratuena.
Aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da urriaren 7an (asteazkena) eta 8an (osteguna). Kasu honetan, hitzaldia 10:00etatik 11:00etara eta 15:00etatik 16:00etara izango da hurrenez hurren.
Informazio gehiago
Informazio gehiago izateko, sar zaitez V3DMC biltzarraren webgunean